2010/11/09

2004an Sistema Penibetikoan, Mulhacen (3.478m)-La Caldera Zirkua-Veleta (3.394m)

 Elgoibar, ostiral arratsaldean autobusa hartzeko prest, bidai luzea aurretik.

















 Autobusa literaduna da eta gau osorako bidaia denez, ia denok lo hartu dugu.

 Lanjaronen geldialdia gosaltzeko. Bertako iturriak bere bertsoekin liluratu egiten gaitu.

Oraindik goiz da eta ez dago turistarik inguruetan, geu nahiko turista garen arren.

Capileirara ailegatu orduko bere kaleetan galduak aurkitzen gara, kuriositateak zentzuak berpiztu dizkigu.

Alpujarrak. Herri txikiak, etxe zuriak, kale estuak... Oso polita!

Arratsaldean, bertako autobus gidatu bat hartu dugu (Goiko parkineraino) inguruko landaretzaz, geologiaz eta morfologiaren inguruan ideia bat edukitzeko.
Gure ibilbidea honako hau da: 
1. eguna: Capileirako dagoen goiko parkinetik (hegoaldean) Poqueira aterpetxeraino.
2. eguna: Mulhacen tontorra igo eta La Carigüela aterperaino,
Veleta igo eta eski-estazioa kokatzen den Pradollanora jaitsi (iparraldean).

 Larunbatean, arratsaldeko 6ak aldera hasi gara ibiltzen Poqueira Aterpetxerantz.


Eguraldi ona eta bidea nabarmena da. Aterpea (2.500m) oso ondo dago, gainera zaintzaileak andaluziarrak dira eta adiskidetasuna bermatuta dago.


Hurrengo egunean goizean goiz hasten gara desnibela poliki-poliki gainditzen, egun luzea baitaukagu aurretik.


Ez dago berorik, altuera handian bait gaude.

Gure lehenengo helburua begibistan daukagu.


Mulhacen (3.478m), Iberiar penintsulako mendi altuena. Normalean jende andana izaten da bertan, eta gu ere ez gara gutxi.

Sarrioa ere animatu da, geu nahiko zalapartatsuak garen arren.

Jaitsiera ez da makala.

La Caldera zirkoa, atzean aintzira eta aterpetxe txikitxoa.

 La Caldera (3.050m). 12 pertsona sartzen dira barruan.

Mendebalderantz goaz, zirkoa zeharkatuz. Oraindik ekainean gaudenez elurra zapaltzea beharrezkoa da. Toke magikoa hartzen du ibilaldiak. Amildegi ikusgarriarekin Veleta mendia ikus dezakegu hegoaldean, bai eta Cerro de los Machos ere. Elur zati hauek elikatzen dituzte inguruko aintzirak: Aguas Verdes, Las Cabras eta Río Seco-koak.

La Carigüela leporantz goaz, bertan aterpe bat dago. Eguzkiaren izpiek gogor jotzen dute.

  La Carigüela (3205m). Aterpetxe honetan ere 12 pertsonarentzako lo-lekua dago. Neguan elurrez estalita egoten da. Ibilbide honek, hau da, Mulhacen eta Veleta tontorrak batzen dituenak, ez du zailtasun handirik. Luzea da (7-8 ordu inguru), eta ibiltzera ohituta egon behar da, erresistentzia eskatzen baitu. Hala ere, aurten, gertakari penagarri bat gertatu zen (hildakoak eta guzti), lainoagatik jendea galdu egin baitzen eta arazo handiak eduki zituzten bertatik onik ateratzeko. 

Veletara (3.394m) igo ostean, aparkalekura jeitsi gara. Errepidea goraino igotzen den arren, eskerrak kotxeentzako itxita dagoen. Unibertsitateko Aterpetxea (2.500m) deituriko aterpetxera ailegatu gara, La Hoya de la Mora ondoan. Etorrerakoan bezala, orain ere literadun autobusa zain dugu. Hala ere, lehenengo Granadara goaz eta kanping batean egin dugu lo, autobusean bertan. Dutxa freskagarria, afari gozoa eta lo seko gelditu gara. Hurrengo eguna Granada bisitatzeko aprobetxatuko dugu.
Alhambra

Alhambra-tik Al Andaluz aldera pasa eta bertan El Carmen auzoa, Zokoa eta Katedrala ikusteko parada izan dugu. Honen ostean, kale estuetan barrena galdu gara, eta nola ez, erosketak egiteko ha bai aukera ona! Astelehena da, arratsaldean berriz autobusa hartu eta etxerantz bidean jartzen gara. Tartean baina, Jaenen geldialdia egin dugu olioa erosteko aukera galdu gabe.

Oroimen politak hauek, hiru egunetan gauza asko ikusi eta ondo pasatzeaz gain, barre asko egin eta eguraldia primerakoa izan da. Azken finean dena primeran atera zaigu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada